2012/02/08


www.udalbiltza.eu

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

2010eko ABERRI EGUNAREN ADIERAZPENA

Aberri Eguna - 2010/04/01

Argazkia 1 / 1

2010eko Aberri Egunaren atarian, Udalbiltza®ko Zuzedaritza Batzordea osatzen dugunok zenbait gogoeta egin nahi ditugu:

Orain gutxi urtea bete da Gasteizko Lehendakaritzan PSOE dagoenetik PPren sostengua beharrezkoa duela bere gobernua mantentzeko. Urte bete daramate agintzen batak eta agintea gainbegiratzen, besteak. “Estatuko Estrategia” aplikatuz Eusko Legebiltzarreko jarlekuen gehiengoa bereganatu zutenetik, eta horrekin “aldaketaren ezarpenari” hasiera eman ziotenetik urte bete. Denbora honetan hitz asko entzun dugu; entzun dugu, besteak beste, demokraziaren eta honek berezkoak dituen baloreen defentsa dutela argudio Euskal Erkidegoan elkar hartuz “jendeari benetan axola zaion politika” egiteko. Eta ikusi, ikusi dugu zertan den PSOE-PPren gobernuaren jarduera: krisi ekonomikoaren kudeaketa ezin okerragoan alde batetik, zorra handitzean oinarritzen baitute beren politika, gaur egun Erkidegoan orain arte estatuan bezala, eta bestalde, kontrakoa esaten duten arren erabat identitarioa den politika baten egikaritzean. Identitarioa, bai: espainiarra. Hiritartasunaren ideia ereiten saiatzen dira behin eta berriz eginiko adierazpenetan. Hiritartasunaren aitzakiatan Herriaren kontzeptua politikatik zokoratzea dute helburu. Hitzak laidotzen dituzte inoiz egon ez diren kontraesanak asmatu nahian, noiztik ez gara bada hiritar Euskal Herria osatzen dugunok? Ea hor ordea sozialisten alegiazko eta gezurrezko ardatz politikoa: herria, nazioa hiritartasunaren antonimo.
Ez zuten ez legea alferrik egokitu indar konstituzionalistek beraien botere nahietara. Ez zuten alferrik moztu euskal herritarren ordezkaritza politikorako eskubidea, milaka lagun hauteskundeetatik at utziz.
2001. urtean, Ibarretxe Lehendakariaren aurka abian jarritako ekimenaren “perfekzionamenduak” izan zuen bai, orain urte bete, bere emaitza. Azken urtebete honetan gertatutakoaren balorazioa egitea ezinbestekoa izanik hor dugu, aurrez aurre, PPek eta PSOEk elkar hartuz Herri honi inposatu nahi dioten “normalizazioa”: Euskal Erkidego Autonomoaren gehiengo abertzaleari muzin egin eta geroz eta gehiago asimilatu gure errealitate sozio-ekonomikoa Espainiako Estatukora.
Aitortzen dute gainera denbora beharko dutela helburua lortzeko, eta denbora hori lortzeko bidea lehendik ere demokrazia larriki ezbaian jartzen duen Alderdien Legearen moldaketaren, “perfekzionamendu” berri baten eskutik dakarte. Euskal gizarteari “normalizazioaren abantaila” errebelatzeko beharrezkoa duten epean gehiengo konstituzionalistaren bermea lortzea legeari aurkitzen dizkioten zirrikituak ixtetik otu zaie.
Mila izan badira orain arte ETAk Espainiako botereei eskainitako arrazoiak eta aitzakiak, Espainiako eskuinaren eta ezkerraren artean egun ematen ari diren mugimenduen aurrean berriz inork ezin dezake uka euskal herritarrok oro har, eta Euskal Herriak berak arerio nagusia dugula ETA. Lehenik eta desagertzen ez den bitartean, pertsonen askatasunaren eta biziaren aurka jotzen duelako. Bigarrenik, estatuari koartada borobila errazten diolako Euskadiren burujabetza nahia errotik mozteko.
Beraz, beste behin ere, ETAk eginikoak gaitzesten ditugu eta ETA bera arbuiatzen.
Aurrekoa argi utziz, gogor salatzen dugu ere Euskal Herriak azken urtetan pairatzen duen jazarpen politiko-judiziala. Adibideak ezagunak ditugu, baina aipamen berezia merezi du Ibarretxe Lehendakariaren kontrako auzipetzeak. Edo Euskal Erkidegoko herritarrei gure erabakitzeko eskubidearen ukapenak. Baita, besteak beste, Egunkariaren aurkako auziak edo laster izango omen den Udalbiltza-Kursaaleko kideen aurkako epaiak. Non dira ustez zuzenbidezko estatu baten oinarrian beharko luketen eskubide politiko eta zibilen aldeko bermeak?

Orain 50 urte hil zen Jose Antonio Agirre Lekube, Eusko Jaurlaritzako lehenengo Lehendakaria. Horren harira ugariak izaten ari dira eskaintzen ari zaizkion omenaldi eta aipamenak. Guk, Udalbiltza®ko ordezkariok ere eskaini nahi diogu gure gorazarrea. Abertzale izan zelako. Alkate izan zelako. Euskal udalerrien tradizio politikoaren lekukotasuna maila handienetara eraman zuelako. Berak, Getxoko alkate izanik, beste batzuekin batera, Euskal Errepublika aldarrikatu zuelako 1931ean: “Euskal Errepublika aldarrika eta onar dadila, eta haren konstituzioa eta legeak atzerapen gehiago barik gara daitezela, herriek euren burua erabakimen askez artezteko duten eskubide ezin besterenduzkoa betez”. Urte hartan Gorteetako Diputatua aukeratua izan zelako, bizkaitarren botoak ez ezik, nafartarrenak ere jasoaz. Euskadi, Euskal Herria, bihotzean eta buruan, Agirrek behin eta berriz defendatu zuelako herri bezala gurea den erabakitzeko eskubidea, eta gerrari aurre egin ziolako, demokraziaren defentsan.
Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzen oihartzuna datorkigu 2010eko Aberri Egun honetan: “Hau da egiten dugun galdera: nola ez zaigu ontzat emango gurea den eskubide bat?, ez gehiengoarena edo gutxiengoarena den eskubide bat, baizik objektiboa dena, banakakoen interes guztien gainetik dagoen eskubidea, substantziazkoa dena, oinarrizkoa: askatasuna, gure herriaren askatasunerako eskubidea”.
Hori da, guk, Udalbiltza®ko Zuzendaritza Batzordea osatzen dugunok gaur, 2010ean, berritu nahi dugun aldarria, herriak berezkoa duen eskubide oinarrizkoa, gure herriaren askatasunerako eskubidea. Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldetako herritarrek askatasunez eta demokratikoki, horrela erabakiz gero berea duten eskubidea.



GORA EUSKAL HERRIA!
GORA EUSKADI ASKATUTA!



UDALBILTZA®ko Zuzendaritza Batzordea


Euskal Herrian, 2010eko apirilaren 4ean


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu
UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©