Aberri Eguna - 2011/04/24
Argazkia 1 / 1
BAKEAK ETA ERABAKITZEKO ESKUBIDEAK BATZEN GAITUZTE
UDALBILTZA®, Euskal Herriko udal hautetsien erakunde nazionala, Iruñean osatu zen 1999ko otsailean. 317 euskal udalerritako alkate eta ordezkari elkartu ziren ekitaldian. Handik bi hilabetera, Aberri Egunerako argitara emandako Adierazpenak garai hartan bizi zen une historikoaren berezitasuna aipatzen zuen: “benetako bake eta demokrazia” ekarriko zukeen prozesu politikoa eta, horrekin lotuta, “indarrak biltzeko unea”.
Lizarra-Garaziko akordioaren eta ETAk iragarritako su-etenaren testuinguruan hasi zuen bere ibilbidea Udalbiltzak, elkarlanaren haritik bakea eskuragarri jotzen zen garaian.
Ez zen, ordea, hala izan. Ez zen bakea gailendu. Oso alderantziz, euskaldunon irrika eta agindua erabat zapuztuz, ETAk su-etena hautsi eta bake-bidea lehertu zuen. Atzera indarkeriara itzuli zen eta 2000ko urtarrilean hilketa ankerrak egiten hasi zen berriro, pertsonetan eta herrian samina eta sumina ereiten.
Gure historian, Euskal Herriaren historian, grabatuta geratu diren gertaerak dira aipatu horiek. Hamabi urte geroago, 2011ko Aberri Eguna ospatzen dugun honetan, bizi dugun egoerarekin alderaketa egiteko balio dute. Gaur ere bizirik dago bakea lortzeko itxaropena. Are gehiago esatera ausartzen gara: inoiz ez gara sentitu behin betirako baketik hain hurbil. Oraingoan ez dira 98an lehertu zen poz hura eta orduko sugarra nabari, ez baitira alferrik pasa urte guzti hauek eta urte hauetan gertatutako guztiak. Hala ere, inoiz ezagutu gabeko ezaugarri berri bat erne da: Euskal Herrian ez dago jada politika-bidetik eta indarkeria-bidetik aldi berean ibil daitekeela onartzen duen indar politiko abertzalerik.
Lizarra-Garaziko akordioak izan zuen beste ondorio politikorik ere. Inoiz gertatu ez zen mugimendua posible izan zen ETA-ren su-etenarekin batera: abertzaleen arteko elkarlana. Lehen aldiz Lehendakariak berak, Juan Jose Ibarretxek, bere sinadura jarri zuen alderdi abertzale guztiek izenpetu zuten Legebiltzarreko elkarlanerako itunean 1999an. Baina Espainiako botereak ez zeuden lo. Zeharo larritu ziren euskal erakunde demokratikoetan bide hura urratzen ikusita. Hala, Espainiako alderdiek, Euskadi herri gisa zutitzen ari zela jabetuta, euskal abertzaletasunaren aurka ekiteko “Estatu estrategia” adostu zuten, 2000.urtean PSOE eta PP-ren artean Itun Antiterrorista sinatuz. Itun honen helburua, sinatzaileen hitzetan, ETAri aurka egitea zen, baina ez zen inoiz ETA bakarrik izan Itunaren jomuga, alderantziz baizik, garaiko alderdi abertzaleak aipatzen ziren, “alderdi demokratikoek” Konstituzio espainiarraren esparruan soilik jokatu zezaketela adieraziz. Hau da Itun Antiterroristaren muina, eta haren ondorio izan diren erabaki guztiena, Alderdien Legearen aldaketatik hasi eta Patxi Lopez lehendakaritzara eraman duen operazioraino: Euskal Herriari herri nortasuna eta bere eskubideak ukatzea eta euskal abertzaletasunari bere izaera eta izateko arrazoia ezeztatzea.
Urte hauetan gertatutakoak ezagunak zaizkigu. Estatu Estrategia, ilegalizazioak, demokraziaren esparru-murrizketa, politikaren judizializazioa eta justiziaren politizazioa, eta Espainiako eskuindar eta sozialisten arteko paktu blindatua. Euskal Herrian soilik gertatzen da hau, Nafarroan eta Erkidego Autonomoan, ez beste inon. Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak – edo, Nafarroaren kasuan UPN-ko eskuin españolistak- beraiek egiaztatzen dute, horrela, ukatu eta ukatu ari direna: Euskal Herria berezia dela.
2000.urtetik “perfekzionatuz” joan diren estrategiaren aurrean, Ibarretxe lehendakariak gure Herriaren izatea eta etorkizuna erabakitzeko bere eskubidea jarri zituen politikaren erdigunean. Estatutu Berriaren Legea onartu zuen Legebiltzarrak eta ondoren Kontsulta Legea, biak Espainiak debekatu zituenak euskal gizartearen gehiengoaren nahia mespretxatuz. Demokraziaren eta herri honen eskubidearen aldarriaren aurrean, debekua izan da beti Españaren jarrera.
Estatu estrategia antidemokratiko, zapaltzaile, ukatzaile eta debekatzaile horrek ETAren jarduera armatu itsuan izan du aparteko laguna. ETAk eman dio Estatuari urte hauetan guztietan abertzaletasunaren zilegitasuna bahitzeko arma dialektikoa.
Ezker abertzaleak egin berri duen biraketak –bazen garaia!– eszenatoki ezezagun batean jarri gaitu. 2011ko Aberri Egunean, ETAk eginiko mehatxu eta jazarpenak ez du jada lekurik izango. Abertzaletasunaren gehiengo zabalak, orain hiru hamarkada, 1977an politika eta demokrazia beste biderik ez zela esan zuen herriaren aurrean. Harrezkero arrasto honetan sartuz joan dira denak, eta herria bide honetan sendotua ikusteak ekarri du azkenean 2010ean ezker abertzaleak burutu duen aldebakarreko prozesuaren emaitza. Berandu bada ere, ongietorri Herri honek hamaika aldiz eskatu duen arrazoibidera. Badugu, beraz, zer ospatua Aberri Egun honetan.
Baina oraindik bide luzea daukagu. Bakezkoak egiteko, berradiskidetzeko, pertsonari eta ideia politikoei zor zaien errespetua ikasteko, herritar ororen eskubide guztien aitortza lortzeko esku bete lan daukagu. Iraganekoak diren jarrerak, intolerantzia eta setakeria, zenbaiten jarrera autistak atzean utzi beharko dira, elkarren arteko begiruneak aurrea hartzeko eta behar bezalako bizikidetza eraikitzeko.
Herri txikia gara. Frantziako eta Españako estatuen artean banatuak gauzkate. Geure artean muga politiko eta administratiboak elkarlana oztopatzen digute. XXI. mendean ohikoa den aniztasuna ematen da gurean ere. Baina Euskal Herriak bere historiatik, bere kultura eta nortasunetik, izaera propioa etorkizunera eramango badu bere herritarren borondatez, askatasunez, konbentzimenduz eta zilegitasun demokratikoz bakarrik egin ahal izango du. Ez dago beste biderik.
Udalok badugu adierazpen aitzindaririk: 1931n, Errepublika aldarrikatzearekin bat-batera, Gernikara jo zuten euskal alkateek, Getxoko alkate zen eta gero lehendakari izango zen Jose Antonio Agirre gidari. Orduan egin zen lehen aldiz Euskadiren autodeterminazio aldarria, Gernikako bidean, Errepublikak debekatu egin baitzien euskal alkateei beren nahia burutzea. Baina autodeterminazio eskubidea hots eginda geratu zen. Udalbiltza®k badu lekukoa zeini hartu.
Bat egin dezagun Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Lapurdiko, Nafarroako eta Zuberoako euskaldunok eskubide hori gauzatzeko ahaleginean. Udalbiltza®k bereak dituen indarrak helburu horren zerbitzura jarriko ditu.
Gora Euskadi Askatuta!
UDALBILTZA®ko Zuzendaritza Batzordea
Euskal Herrian, 2011ko apirilaren 24ean
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |