Ekonomia / Iparraldea - 2010/05/20
EHLGren kontrako auzi nagusia behin betiko amaitu da.
Epea bururatu da. Eta horrekin batera, betiko bururatua da Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) aurkako auzi nagusia. Bost urte iraun duen auzibidea. Paueko auzitegitik iritsi zen atzo arratsaldean berria. Paueko prokuradore nagusiak Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako auzia ez du Kasazio Gortera eramanen. Kasazio Gortea, berez, ez da hirugarren graduko epaiketa bat. Kasazio Gorteak ez du berriz epaiketarik egiten. Auzibideak arauak errespetatu dituen baieztatzen du, eta zuzenbidea ongi erabili duten ebatzi.
Poz handiz hartu zuten berria EHLGkoek, hasiz elkarteko lehendakari Mixel Berhokoirigoinetik: «Oinarrizko auzi hau irabaztearekin gelditzen zaizkien beste auziek ez dute gehiago zentzurik, auzi horretan baitziren oinarritzen. Orain duda guztiak kenduak dira. Bidea libre dugu, eta sekula baino gehiago bidea segitu eta azkartu behar dugu laborantza iraunkorraren alde».
2005eko ekainaren 8an zuen jarri salaketa Baionako Auzitegian garaiko Pirinio Atlantikoetako prefetak. Bizkitartean, joan den ostegunean Paueko dei auzitegiak elkartea eta lehendakaria errugabe zirela berretsi zuen.
EHLG legez kanpo gelditzea zegoen arriskuan, behin betiko edo aldi baterako (bost urte gehienez) eta Berhokoirigoin lehendakari gisa urtebetez preso sartzea erabaki zezaketen. Baita 15.000 euroko isuna ordainaraztera zigortu ere.
EAJk agiri bat bidali zuen atzo eguerdian, eta azpimarratu du Paueko Auzitegiak EHLG zurituz epaiaren egiazko aurpegia agertzen duela: «Auzi politikoa da, itxurazko lege argudioak baliatuz. Dei auzitegiak independentzia aipagarria erakutsi du».
Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2010-05-13/012/001/ehlgren_kontrako_auzi_nagusia_behin_betiko_amaitu_da_bost_urte_iraun_duen_auzibidea_bururatu_da.htm
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 |