2012/05/24


www.udalbiltza.eu

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Erabaki nahiak batuta

Udalbiltza - 2010/10/13

Argazkia 1 / 2

Eskoziako autodeterminazio prozesua eredutzat hartu, eta hori berori Euskal Herrian ere egitearen alde, batu egin dira hainbat esparrutako pertsona ezagunak. Erabakitzeko eskubidearen aldarria zabaldu dute.

Edukiari argazkiak ematen dio maiz zentzua. Argazkian ageri direnek ematen diote zeresana. Argazkia, Donostiako Miramar jauregian zegoen. Eskailera aurrean ilaran jarrita, hainbat eta hainbat alorretako pertsona ezagunak batu ziren. Erabakitzeko eskubidearen alde, autodeterminazioaren alde. Elkarrekin. «Eguneroko itxituretatik irten, eta langa pasatzeko erabaki sakona hartuta». Hala izenpetu dute adierazpen bateratu bat: Euskal herritarrok erabakitzeko eskubidearen alde. Eskubide hori egikaritzeko baldintza ere jarri dute: giza eskubide zibilak eta politikoak errespetatzea. Eta eskubidea Euskal Herrira ekartzeko eredu zein duten ere eman dute aditzera : Eskozia.

Datorren larunbatean Ordizian (Gipuzkoa) egitekoa den jaialdia babestu dute era horretara. Eskoziako eta Euskal Herriko kulturen erakustaldia izango da larunbatekoa, eta autodeterminazio eskubidearen aldarria egingo du. Nazioen Mundua ekimenak antolatu du jaia; talde hori, besteak beste, EAJko, ezker abertzaleko, Aralarreko eta EAko kideek babesten dute. Agiria sinatu dutenen irudiko, «jaialdi historikoa» izango da Euskal Herria eta Eskozia batuko dituena. Herrialde hartan egiten ari diren prozesuak Euskal Herrian «inertzia» egin dezakeela uste dute. Hala, larunbatean Ordiziara joatera deitu dute.

Aldarri berak elkartu ditu sinatzaile guztiak, baina lehen unetik utzi dute argi haien iritziek ez dutela beti berdinak izan beharrik. «Litekeena da guk Euskal Herriarentzat proiektu, egitura nahiz etorkizun ezberdinak nahi izatea». Proiektu horiek herritarren esku jartzearen alde egin dute, haiek erabaki dezaten egokien irizten dutena. Eta horretan ez dute iritzi kontrajarririk, eta ez dute uste erabakia herritarren esku uzteari buruz izan beharko litzatekeenik aurkako iritzirik: «Joera eta ideologia askotakook elkarrekin egin beharreko bidea dela uste dugu, harik eta bide horrek erabakitzeko eskubidearen bidegurutzeraino eramaten gaituen arte».

Eskubideen «zimendua»

Erabakitzeko eskubidearen aldeko agiria sinatu aurretik, haren edukien berri eman zuten sinatzaileetako hiruk: Juan Joxe Agirre fraide beneditarrak, euskaraz; Andoni Egaña bertsolariak, gaztelaniaz; eta Mertxe Colinak, frantsesez. Ofizialista kutsua izan zuen adierazpena irakurtzeko ekitaldiak. Hedabide andana bat aurrean, sinatzaileak atzean, eta guztia Miramar jauregian, Donostiako badia bistan zela.

Euskal Herriaren nazio izaera eta, horrenbestez, herritarrek haren etorkizuna era askean erabakitzeko duten eskubidea. Horiek dira atzo aurkeztutako agiriaren zutabeak. Hainbat proiekturen artean aukeratu ahal izatea «demokrazian oinarritutako printzipioa» dela sinetsita daude sinatzaileak, eta horrek elkartu dituela diote. Betiere, baldintza zehatza beterik: giza eskubide zibilak eta politikoak errespetatzea. «Oinarri sendoa, demokratikoa, behar dugu. Eskubide zibil eta politiko guztien errespetuan oinarritzen den zimendua», adierazi dute. Eta oharra egin dute: «Oinarri sendorik gabe, nekez eraiki daiteke luzaroan iraun dezakeen ezer». Nolanahi ere, garai itxaropentsua dela diote: «Gure herrian norabide onean jotzen duten haize ugariek aukera historikoan kokatzen gaituzte. Unea iritsi da».

Hiru hizkuntzatan naziotasunaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria eginda, ekitaldia amaitzeko, adierazpena banan-banan izenpetu zuten, kameren kliska hotsen artean.

Eta, agirian sinatutakoari jarraiki, konpromisoa ere hartu dute: Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea nazioartean ere galdegitea. «Eskubide demokratiko unibertsala denez, Euskal Herrian eta nazioartean eskubide horren eskaera egingo dugu». Beste herrialde batzuetako eragileen artean eskubide horren berri emateko lehen aukera larunbatean izango dute, Ordizian, Eskoziako dozenaka eragilek parte hartuko duten jaialdian.




Agiria sinatu dutenak:

Politika: Ramon Labaien, MARIA EUGENIA ARRIZABALAGA (UDALBILTZA/UDALBIDEKO ZUZENDARITZA BATZORDEKO LEHENDAKARIA); Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia (ezker abertzalea); Julen Madariaga, Ainhoa Beola (Aralar); Karlos Garaikoetxea, Ikerne Badiola (EA); Mertxe Colina (AB); Loren Arkotxa, Juan Carlos Alduntzin (Udalbiltza).

Kultura: Nestor Basterretxea, Eñaut Elorrieta, Asier Gozategi, Jose Mari Agirretxe Porrotx, Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus.

Kirola: Mikel Labaka, Iñaki Perurena, Inaxio Perurena, Ibon Gaztañazpi, Martxel Toledo, Itziar Arratibel.




Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2010-10-10/007/006/gaurkoa_erabaki_nahiak_batuta_eskoziako_autodeterminazio_prozesua_eredutzat_hartu_eta_hori_berori_euskal_herrian_ere_egitearen_alde_batu_egin_dira_hainbat_esparrutako_pertsona_ezagunak_erabakitzeko_eskubidearen_aldarria_zabaldu_dute_autodeterminazioaren_aldeko_adierazpena.htm#despiezea1


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu
UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©