Diaspora - 2009/12/26
Argazkia 1 / 1
Euskal jatorriko Ron Parraguirre epaile nevadatarra estatu honetako Gorte Goreneko Justizia Buru izango da egun gutxi barru, 2010ean, orain arte zeregin horretan ibili den James Hardesty jujearen lekua hartuz zazpi kideko gorte honen buruzagi gisa. Urtero berritzen den Epaimahai Goreneko Justizia Burua (chief justice) Estatuko adar judizialaren buru administratiboa da eta gorte goren horretako eleduna.
Lau belaunaldiz nevadatarra den familia bateko kide eta familia aldetik ere justiziaren munduari lotua -bere osabetako bi fiskalak izan ziren, eta bere aita Paul epailea-, Parraguirre 2004tik da Nevadako Epaimahai Goreneko kide, bere jardunaldia 2011ean beteko delarik.
Ron Parraguirre San Diegoko Unibertsitateko Lege Eskolan lortu zuen doktore gradua eta ondotik Washington hiriburura mugitu zen, bertan Nevadako senadore zen Paul Laxalt euskal jatorrikoaren laguntzaile izateko. Geroago Senaduko Justizia Batzordeko Aholkulari bihurtu zen, eta Lege Kriminaleko Azpibatzordeko kide. Azkenik, 1987an Nevadara itzuli zen, bere aitaren bulegora bilduz legeen praktika pribatuan aritzeko.
Parraguirretarrak familia ezagutua dira Nevadako euskal komunitatearen baitan. Ronen aita, Paul Parraguirre, 1949ko Basque Western Festival delakoaren antolatzaileetakoa izan zen, eta karia horretara omendu zuten 1999an 'Renoko Euskal Aste Nagusia'n, AEBetako euskaldunei agerpen eta proiekzio publikoa ekartzen hasi zien jaialdi aitzindari haren 40. urteurrena ospatu zenean.
Bera ere euskal komunitateari eta Nevada-Renoko Euskal Ikasketa Zentroari (CBS) lotua, joan den uztailean erakunde horrek antolatutako ekitaldietan parte hartu zuen, CBSren 42. urteurrena eta Basque Western Festival-aren 50. urteurrenaren karietara.
Parraguirrek James Hardesty-ri hartu dio ordea Nevadako Justizia Buru bezala. Honek adierazi duenez, ez omen dauka zalantzarik 'Parraguirre epaile buruak gure aurrerapen ildoari segitu dionik, Nevadako Justizia Boterea herrialde osoko onenen artean kokatzeko bidean'.
Iturria:http://www.euskalkultura.com/albisteak/euskal-jatorriko-ron-parraguirre-epaile-nevadatarra-estatuko-gorte-goreneko-justizia-buru-izango-2010ean/
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 |