Euskara / Nafarroa - 2011/12/19
Argazkia 1 / 1
Urteurrena ospatzeko egunak izan ohi dira baina, hortik urrun, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak argi utzi nahi izan du Vascuencearen Legearen 25. urteurren honetan "euskaltzaleok ez dugula ezer ospatzeko".
Kontseiluak, Nafarroako euskalgintzako ordezkariekin batera atzo Iruñean egindako agerraldian, lege honek eta bere aplikazioak 25 urteotan izan duen eraginaren balorazioa egin zuen. Hartara, gai honen inguruko balantze eta iritziak biltzen dituen bideoa aurkeztu zuten. Balantze honetan, hiru izan ziren ateratako ondorio nagusiak: "Lege honek euskararen berezko garapenari galga jarri dio. Bestetik, zonifikazioak Nafarroa desorekatu du eta elkarbizitza eragotzi du. Eta amaitzeko, euskararen normalizazioaren bidean, 25 urte galdu dira".
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak "legea desegokia" dela adierazi zuen. "Hizkuntzaeskubideak giza eskubideak dira eta herritarrari dagokio, ez hizkuntza eremuari", gehitu zuen Bilbaok, Nafarroan legeak ezarri duen euskararen zonifikazioaren inguruan.
Zonifikazioaren eraginen gainetik, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko Oskar Zapatak, Nafarroako hiriburuan lege honen bidez jarri diren elebitasunarekiko mugen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen aurkeztutako dokumentalean: "Administrazioarekiko edozein harremanetan gaztelaniaz hitz egitera behartzen gaitu legeak, eta hori oso esanguratsua da, atzean dagoen asmoa agerian uzten duelako".
AEK-ren ordezkari den Helios del Santok ere legeak euskarari jartzen dizkion traben inguruan argi utzi zuen bere iritzia: "Legeak ez du azken 25 urteetan normalizazio ahalbidetu eta ez du orain egingo".
"Argi eta garbi utzi behar da lege hau euskara oztopatzeko eta euskarari trabak jartzeko dela", azpimarratu zuen Nestor Salaberria Sor-tzen Ikasbatuazeko ordezkari nagusiak. "Hasiera batean legearen puntu batzuk euskararen aldekoak zirela sinetsi zitekeen arren, legea kudeatu duten gobernuek interpretazio murritzena egin dute, euskararen aurka joz".
Kontseilutik, Nafarroako herritarrei euskara erabili eta ikasteko deialdia luzatu nahi izan zieten, "hori baita etorkizunerako oinarri sendoak lortzeko modua". Legeak ezarritako oztopo guztien gainetik, azken urteotan euskarak aurrera egin duela azpimarratu zuen Bilbaok, bide horretatik jarraitu beharra dagoela gehituz. "Arrakasta horren atzean herritarrak eta amore eman ez duen Euskalgintza daude", adierazi zuen.
Iturria: http://www.noticiasdenavarra.com/2011/12/15/sociedad/navarra/ezer-ospatzekorik-ez
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |