Hurbiltzen - 2007/09/14
Argazkia 1 / 2
Euskal Herria aberatsa, anitza eta zabala da. Herrialde bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina oinarri bereizgarri, amankomun eta aberasgarri bera dugu. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Beherea eta Xiberuko euskaldunok herri bat gara eta gizarte batu bat osatzeko eskubidea daukagu.
Ataunek behin baino gehiagotan parte hartu du Hurbiltzenen, hortaz, Bittor Oroz Ataungo alkatearengana hurbildu gara.
Bittor Oroz, Ataungo Alkatea
U. Atauneri zer eskaini dio Hurbiltzen ekimenak?
Sara eta Atungo herriak anaiak dira, Barandiaranek lotzen gaitu, batik bat hau erbestean zegoenean Saran bizi izan zelako. Hurbiltzenek bidea ematen digu anaikidetza hori bideratzeko eta sendotzeko.
U. Behin baino gehiagotan egin duzue senidetzea Sarako herriarekin. Ekitaldietan zer egiten duzue? Balorazioa nolakoa izan da?
Urtero egun-pasa bat egiten dugu elkarrekin. Urte batean Ataunen eta hurrengoan Saran txandatuz. Bertara herri bakoitzeko udal ordezkariez aparte herritar ugari joaten da. Bertan, herri bietako dantzarien ikuskizuna, musika emanaldiak eta pilota partidak izaten dira. Ondoren herri bazkaria izaten dugu eta badakizu iparraldekoak diren lekuan kantua ere ugari izaten dela. Egun oso polita izaten da. Horrez gain, Ataungo jaietara Sarako udal ordezkariak etortzen dira eta Sarara gu joaten gara. Nire ustez garrantzitsua herritarren artean harremanak estutzea da, udalek horri hasiera eman behar diote baina herriak erantzun behar du. Kasu honetan hori ehuneko ehunean bete da, eta adibidez gazte koadrilen artean ere festetan eta joan etorriak izaten dira.
Hala ere, harreman gehiago ere sortu ditugu, adibidez iazko udan Sarako umeak izan genituen denboralditxo bat pasatzen Ataunen. Helburua, Euskara soilean bizitzea posible dela erakustea, Euskararen erabilpena bultzatu nahian dabil eta hango udala. Beraiek aldiz, turismo alorrean duten esperientzia elkarbanatu dute gurekin, asko dakite gai horri buruz, eta gu berriz lehen pausoak ematen ari gara sektore horretan. Balorazioa beraz oso positiboa da.
U. Hego Euskal Herriko herri bat, Iparraldeko herri batekin senidetzeak balio handiagoa al dauka?
Dudarik gabe, nire ustez, senidetze horiek burutzeko arazo gehien dauden lekuetan ekimenak balio handiagoa du. Kanpotik asko saiatzen bai dira mugarik behar ez luken lekuan hesiak eraikitzen. Iparraldeko eta Nafarroako herriekin senidetzeak, nola ez, besteei baliorik kendu gabe, garrantzi handia du. Pixkanaka ezarri nahi dizkiguten hesi horiek errotik ateratzen joan gaitezen. Herri bakarra garela ukatu nahi dutenei, esango niekeena da Jean Aniotzhbehere Sarako auzapezak ez duela espaiñolez hitz egiten eta nik frantsesik ez dakidala, eta biok euskaraz primeran ulertzen gara. Hori baino argiagorik…
U. Bizi dugun momentu hauetan, beharrezkoa deritzozu Hurbiltzen gisako ekimenak burutzea?
Amesten dugun Euskal Herria eraikitzeko ekimenean jarduten dugun bitartean horrelako ekintzak ezinbestekoak dira, estatuek ukatzen digutena herrien artean sortu ahal izan dezagun. Gure senidetasunaren hazia hor dago baina tarteka bakarren batek ura botatzea beharrezkoa da landarea jaio eta indartu dadin. Nire ustez Hurbiltzen programa hazi horren ureztatzea egiten duena da.
U. Herritar guztien berdintasunak eta desberdintasunak ezagutu eta konpartitzea, aberasgarria izango da, ezta?
Oso aberasgarria. Gainera, argi dago, gauza bat maitatzeko ezagutu egin behar dela, eta gure ezberdintasunen eta berdintasunez gain, elkar ezagutze horrek Ataundarrak Sara gehiago maitatzea garamatza eta alderantziz ere horrela izango dela uste dut.
U. Proiektuan parte hartzen jarraitzeko asmorik dauka Ataunek?
Dudarik gabe. Bi herrien arteko harremana momentu honetan oso estua da. Nire ustez hartu dugun dinamika hau gelditzea oso zaila izango da, udal ordezkarien harremanaren gainetik herritarren arteko harremana sortu da eta.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |