2012/05/24


www.udalbiltza.eu

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Iparragirre aitzakia dela

Kultura / Euskal Herria - 2011/08/30

Argazkia 1 / 3

Kantaria duela 130 hil zela gogoratuz, kantu taldeak elkartuko dira igandean Urretxun eta Zumarragan

Aurten Jose Maria Iparragirre kantaria hil zenetik 130 urte direla gogoratuz, Iparragirre Kantuz Eguna egingo dute igandean Urretxun eta Zumarragan (Gipuzkoa), 11:00etatik iluntzera arte. Urretxu-Zumarragako Zu kantari taldeak eta Euskal Kantuzaleen Elkarteak bi asmo nagusirekin antolatu dute jaialdia, Juan Luis Aranburu Euskal Kantuzaleen Elkarteko koordinatzaileak dioenez: «Batetik, Iparragirreren urteurrena dela-eta haren kantuak zabaldu nahi ditugu; bestetik, Euskal Herriko kantu taldeen artean sortu den sarea koordinatu eta harremana sendotu».

Kantu talde eta kantuzaleei egindako ongietorriarekin hasiko da Iparragirre Kantuz Eguna, 11:00etan, Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan, eta eguerdian kantujira egingo dute Urretxu eta Zumarragako kaleetan, euskal kantuak emanez. Ondoren, 13:00etan, Iparragirre plazan elkartuko dira kantuzaleak, hainbat ekitalditarako: Iparragirre erraldoiaren agerpena, Iparragirreren omenezko aurreskua eta Iparragirreren kantuen emanaldia. 13:30ean, bertso saio berezia egingo dute Urretxu-Zumarragako bertso eskolako bertsolariek, balkoitik balkoira, Xenpelar eta Iparragirreren arteko ika-mikako bertso ezagunetan oinarrituta. Ondoren, Iparragirreren kantu gehiago kantatuko dituzte. Kantuzaleen bazkaria egingo da gero, Zumarragako plazan, eta bazkalostean kantu saioa. Erromeria eta kantu saioa egingo dute bazkalostean, 17:00etan, Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan, eta eguna azken kantu batekin amaituko dute.

Zu kantu taldeaz gain, Gernika, Donostia, Tolosa, Baiona, Iruñea, Asteasu eta Antzuolako kantu taldeak ariko dira, baita Banaiz Bagara elkartearen eskutik etorkinez osatutako kantu taldea ere. «Nahiz eta gonbidapena eta proposamena kantu taldeei bidali diegun bereziki, nornahik har dezake parte kantatzen, eta kalez kaleko dinamika ere ez da itxia», ohartarazi du Aranburuk. Parte-hartze hori errazteko, liburuxka bat banatuko dute antolatzaileek, Iparragirreren biografia lau hizkuntzatan kontatzeaz gain —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez— haren hainbat kantu ezagunen partiturak eta hitzak jasotzen dituena, baita kantu jiretako ohiko beste hainbat kanturen hitzak ere. Iparragirreri buruzko DVDa ere banatuko diete parte-hartzaileei.


Iturria: http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-08-30/031/002/iparragirre_aitzakia_dela.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu
UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©