2012/05/24


www.udalbiltza.eu

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Lanbide Heziketako zentro bat ireki dute ikastolek Bilbon, euskara xede duena

Hezkuntza / Eae - 2012/01/26

Argazkia 1 / 1

Harrobia Fundazioak Ikastolen Lanbide Heziketarako Harrobia izeneko zentroa inauguratu zuten Bilboko San Frantzisko auzoan. Helburu nagusietako bat hainbat titulazio euskaraz ematea dela adierazi zuen Juan Carlos Gomez fundazioko lehendakariak. «Lanbide Heziketan oso eskaintza urria izan da euskarazko formakuntzan. Baina hizkuntza jendartean normalizatzeko nahitaezko elementua da Lanbide Heziketa euskaraz eskaintzea».

Euskara xede garrantzitsua bada ere, proiektuak baditu beste zenbait jomuga. Erronka horietako bat da «LH integrala» txertatzea. Horrekin batera, ikastolen eredu parte hartzailea enpresa mundura zabaltzeko borondatea ere badu.

Fundazioa Bizkaiko zazpi ikastolak osatzen dute, eta egun ehun ikasle baino gehiago ditu. Baina urteek aurrera egin ahala kopuru hori handitzea espero dute. Era berean, formazio ez arautuari dagokionez, ikasturte osoan antolatutako ikastaroetan 500 bat pertsonak parte hartzea espero dute.

Zentroak hainbat titulazio eskaintzen ditu: erdi mailako zikloak informatika zein komunikazio arloetan, eta goi mailako zikloak jarduera fisikoan eta kiroletan. Hala ere, datorren ikasturterako eskaintza handitzeko borondatea dute. Arreta zerbitzu sozio-kulturala eta marketin zein merkataritza ikasketak dira aurrera begira dituzten erronkak.

Atzo ireki zuten modu ofizialean LH zentroa. Egitasmoak, ordea, ibilbide luzea izan du. 2006an hasi ziren eraikitzeko obrak. Urteetan egindako lanari esker eta izandako arazoei aurre eginez, azaroan lortu zuten aurreneko ikasturtea martxan jartzea. «Asko kostatu zaigu proiektua aurrera ateratzea, baina pozik gaude», esan zuen Gomezek.

Zentroak 6.400 metro koadroko azalera dauka. Proiektua burutzeko sei milioi euroko inbertsioa egin dute, eta %25 Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu du. Gainerako kopurua, berriz, Harrobia Fundazioa osatzen duten ikastolek jarri dute. Bilboko Udalak, bestalde, ikastetxea dagoen ingurua berreskuratzeko sustapen politikaren barnean, eraikina egin den orubea eskaini zuen.



HLPPko ikasleak.

16 eta 17 urteko biztanleen %10 daude HLPP Hasierako Lanbide Prestakuntzarako Programetan izena emanda. Ikasketetan aurrera egiteko eta «gizartean zein lan munduan integratzeko» dira programa horiek, eta 4.500 neraberi eragiten diete guztira.


Fundazioa osatzen duten ikastolak.

Harrobia Fundazioa Bizkaiko zazpi ikastolek osatzen dute: Bilboko Abusku eta Urretxindorrak, Santurtziko Bihotz Gazteak, Galdakaoko Eguzki Begki, Balmasedako Zubi Zaharrak, Trapagarango Itxaropena keta Leioako Betikok.




Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2012-01-20/002/002/lanbide_heziketako_zentro_bat_ireki_dute_ikastolek_bilbon_euskara_xede_duena.htm


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu
UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©