Komunikabideak / Nafarroa - 2012/02/02
Argazkia 1 / 1
Esan Erran irratia mutu geratu da, langilea ordaintzeko dirurik ez dutelako. Nafarroako hedabideek urteak daramatzate alanbrean ekilibrioak egiten. 2012. urtea, hedabide batzuentzat behintzat, bereziki gogorra izango da. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ezinbestekoak dira hedabide txikienentzat eta ez dute albiste onik haiengandik. Nafarroakoak aurten ez ditu lagunduko euskarazko hedabideak eta Jaurlaritzak %11ko jaitsiera aurreikusi du.
Nahi baino gutxiago dira Nafarroan euskarazko hedabideak. Euskara Elkarteen Federazioan, Topagunean, biltzen dira komunikabide gehienak: sei aldizkari, sei irrati eta telebista bat. Aldizkariak denen artean ia 22.000 etxeetara iristen dira eta irratiek 125.000 entzule potentzial dituzte. Erakunde publikoen diru-laguntzak ezinbestekoak dira gehienentzat; Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta udal eta mankomunitateko laguntzen zain izaten dira. Larri askotan ibili badira ere, aurtengoa itotzekoa izango da. Diru-laguntzak gehien mantendu dituztenak udalak eta mankomunitateak izan dira, beste kontu bat da zertan diren Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. 2011n batzuk gustura geratu ziren Jaurlaritzaren laguntzekin eta beste batzuk aldiz ez. Bierrik Fundazioak adibidez, 15.000 euro gutxiago jasoko ditu 2011koari dagokionez. 2012rako %11ko murrizketa onartua dago euskarazko hedabideen zakuan. Hordagoa Nafarroako Gobernuak jo du, garai onenean 230.000 euro ematetik 2012an zero ematera igaro da. Dena dela, kontuan izan behar da, beharko lukeenaren kontra, hedabideek Jaurlaritzatik diru gehiago jasotzen dutela Nafarroako Gobernutik baino.
Ia hedabide guztiek erakunde publikoen laguntzez gain publizitatea eta bazkidetza dituzte diru iturri. Finantzabide propioak indartzeko ahaleginean ari dira zulo ekonomikoa dena baino handiagoa izan ez dadin.
Esan Erran eta Pulunpe: Irratia mututu da
Albistea duela gutxi eman dute: Esan Erran irratiak jada ez du emitituko.
Berri txarra ailegatu baino lehenago elkartu gara Ametza Kultur Elkarteko bi kiderekin, Felix Alzelairekin eta Maitane Buruskorekin. Alzelaik Jauntsaratsera lagundu digu, han baitago Esan Erran irratiaren estudioa eta Maitane Burusko irratiko langile bakarra zain dugu. Hotz egiten du teilatupean. Berogailua jarriz gero argindarrak salto egiten du eta akabo emisioa.
Bi langile egun osoz aritu izan dira Pulunpe aldizkarian eta Esan Erran irratian. Diru urritasunak eraginda ordea, lanpostu eta erdirekin ari ziren azkenaldian; ekoizpena berbera zen. Gastuak arintzeko, doako aldizkaria boluntarioek banatzen dute etxez etxe. Nafarroako Gobernuak emandako albistearen ondoren etorkizuna beltz ikusi zuten eta bazekiten bi proiektuak bizirik mantentzea zaila izango zela, ezingo baitzioten eutsi lanpostu eta erdiko gastuari. Hala, Pulunpe egiteko lanpostua mantentzea erabaki dute eta irratia oraingoz isiltzea. Asmoa boluntarioen bidez irratia berriro abian jartzea da.
1992. urtean, hiru hilean behin hasi ziren kaleratzen Pulunpe aldizkaria. Nafarroako hainbat bailaratara zabaltzen zuten, gaur egun bezalaxe: Imotz, Basaburua, Ultzama, Odieta, Anue, Atetz eta Lantz herrira. Orain dela bost urtez geroztik urtean hamaika zenbaki egiten dituzte. Ametza Kultur Elkartea 1996an sortu zen, irratiaren proiektua mamitzen hasi zenean. Esan Erran irratiak Basaburuako Udalaren lizentziari esker emititu du.
220 bat bazkide dituzte, 50na euro ematen dutenak. Nafarroako Gobernuak aurten arte bi proiektuak lagundu ditu diruz. Eusko Jaurlaritzak aldizkaria laguntzen du, baina ez irratia, udal lizentzia baitu. Udalen konpromisoa berriz, irratiaren defizita estaltzea izan da, baina denek ez dute hala egin. Udal garrantzitsuenak, Ultzamakoak, ez du eurorik ipini, irratiak euskaraz eta gaztelaniaz egitea eskatzen baitu. Publizitatea lortzeko ahalegin gutxi egiten dute, horretarako langilerik ez dutelako.
Guaixe eta Beleixe: Diru-laguntzek %25 estaliko dute
Ainhoa Urretagoienak kezkatuta hitz egin digu: “2012a inoiz baino egoera larriagoan hasi dugu”. Zulo ekonomikoarekin hasi dute urtea Bierrik Fundazioan, Guaixe astekaria eta Beleixe irratia kudeatzen dituen erakundean. Azken bi urteetan bi albiste txar behinik behin jaso dituzte. 2011n Eusko Jaurlaritzak asko murriztu zien urteroko laguntza. Espero zutena baino 15.000 euro gutxiago jaso zuten. Hobeto esanda, espero zutena baino 15.000 euro gutxiago jasoko dituzte, 2012a hasia dela oraindik iazkoa ez baitute kontu korrontean ikusi. 2012ko diru-laguntzetan ez dute berri hoberik espero, bai baitakite Jaurlaritzaren euskarazko hedabideentzako zaku osoa %11 murriztu dela. Bigarren albiste txarra Nafarroako Gobernuarena izan da: 2012an zero euro. Bi gobernuen eta Sakanako mankomunitatearen laguntzak Bierrik Fundazioaren aurrekontuaren %40 osatzen zuten iaz. Aurten aurrekontuaren %25 baino ez dute estaliko hirurek. Ez dira kexu Sakanako mankomunitateari dagokionez, 2011n zertxobait behera egin bazuen ere laguntzak 2012an mantentzeko apustua egin duelako.
Zulo ekonomiko eta guzti, astekaria, irratia eta bi egunetik behin eguneratzen den webgunea egin behar dituzte. Hamaika langile ditu Bierrik Fundazioak oraingoz. Litekeena da langile kopuruak eta edukiek murrizketa jasatea. Ez dute erabakirik hartu oraindik, baina okerrenean langileren bat kendu beharko dute edo hedabideetako bat itxi. Onenean hedabideek maiztasuna aldatu beharko dute, kalitatea mantentzen lanak izango dituztela ere badakite.
Bizirik irauteko bide berrien bila dabiltza, edo hobeto esanda, lehendik abian dituzten finantzabide propioak sendotzen hasiak dira. Lehen aipatutako erakunde publikoez gain, publizitatea eta bazkideak dira diru iturri nagusi. Ahalegindu arren ez dakite zuloa betetzea lortuko duten.
Orain arte aipatu ditugun bost diru iturri horiez gain, Sakanako herritarrek hartu duten jarrera azpimarratu nahi izan du Ainhoa Urretagoienak. Sakanarrek hainbat ekimen jarri dute abian bailarako herri guztietan banatzen den Guaixe astekaria eta ia sakanar guztiek entzun dezaketen Beleixe irratia bizirik mantentzeko. Guaixeren 4.500 ale banatzen dira ostiralero etxeetan doan, Beleixeren entzuleak gutxinaka gora doaz (400-500 inguru) eta webguneak gero eta irakurle gehiago ditu (1.000 inguru).
Iturria: http://www.argia.com/argia-astekaria/2309/euskarazko-hedabideak-nafarroan
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |