Diaspora - 2009/05/15
Argazkia 1 / 3
Joan den larunbatean iritsi zen Chascomus herrira, Buenos Aires probintzia argentinarrean, Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kidea, erakunde horretako kide gisa Argentina eta Uruguaira Ramuntxo Camblong-ekin batera egin duen itzuliaren barnean. Autobusez heldu zen, Mar del Platatik. Camblong-ek, berriz, bidaia segitu zuen Buenos Aireseraino, hitza emana baitzien hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxeko kideei bertako Herri Urratseko ekitaldian parte hartzeko. Arozena, Chascomuseko Udaletxean errezibitu zuten Liliana Denot alkateak eta beste zenbait goi ordezkarik; eta Chascomuseko Euskal Etxean, aurreskua dantzatu zioten.
Ohar baten bidez jakinarazi du Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak Bixente Arozenak joan den larunbatean, maiatzaren 9an, eginiko bisitaren berri. Udalbide-Udalbiltza erakundeetako ordezkari gisa etorri da Arantzako (Nafarroa) zinegotzi eta alkate ohi den Arozena, Argentinara eta Uruguaiko Montevideora Ramuntxo Camblong-ekin batera egin duen itzuliko hondarreko egunean. Autobusez iritsi da Mar del Platatik eta, aldiz, bere bidaiakide Camblong-ek Buenos Aireseraino segitu du bidea, hitza emana baitzuen larunbat gauean hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxean gauzatu zen Herri Urratsen ekitaldian izango zela, bertako antolatzaileen gonbidapena onarturik.
Chascomus-en, Liliana Denot alkateak berak errezibitu zuen Bixente Arozena Udaletxean, beste zenbait buruzagirekin batera, hala nola Chascomuseko Kontseilu Deliberanteko presidente Adolfo Aldaberekin eta herriko zinegotzi izaterakin batera Euskal Etxeko kide diren Elias Garriz eta Yamila Urriolabeytía zinegotziekin. Udaletxean bilkuratxo bat egin, hitz batzuk egin eta opariak elkarri trukatu ondoren, herriko Pilota Kluba bisitatu zuten eta baita Gernikako Arbolaren kimua ere, Independentzia Plazan landatua. Eguna Euskal Etxean amaitu zuten, elkartasun afari batekin. Arozena aurresku batekin ohoratu zuten EEra sartu berritan, Emilio Armendariz dantzari.
Euskal Etxekoek eskerrak eman zizkioten Udalbideri Arozena medio, bisitagatik eta aurretik ere erakunde nazional horrek Zingirako Euskaldunak-eko gazteei egindako txapel, gerriko eta alpargata dohaintzagatik. Bertako eta kanpoko bi euskal erakundeok elkarren berri eta gerorako asmoen berri eman zioten batak besteari, euskal etxe chascomustarrak zabaldutako oharrak azaldu duenez.
Iturria: http://www.euskalkultura.com/albisteak/bixente-arozena-udalbide-udalbiltza-udal-erakunde-nazionaleko-kide-legez-chascomuseko-udaletxe-eta-eean-errezibitua/
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 |