2014/11/24


www.udalbiltza.eu

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

Udalbidek atxikimendua azaldu dio Korrika 17ri

Kultura / Euskal Herria - 2011/04/06

Argazkia 1 / 3

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eginiko agerraldian, Udalbidek atxikimendua agertu dio Korrika 17ri. Era berean, Korrika 17ri 3.000 euroko laguntza eskainiko dion akordioa sinatu dute Korrika 17ko eta Udalbideko arduradunek, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mujika, Korrika 17ren bigarren arduradun Klara Astondoa, Udalbide zuzendaritza batzordeko kide Maria Eugenia Arrizabalaga eta Udalbideko zuzendari Jose Luis Mendoza batu dituen ekitaldian.

Hitzarmena sinatu aurretik, Korrika 17ren esker ona azaldu nahi izan dio Mertxe Mujikak Udalbideri. Biak ala biak Euskal Herri osoan jarduten duten erakundeak izanik, euskara, euskal kultura eta euskal nortasuna babestu, garatu eta bultzatzea bi erakundeen helburuetariko bat dela gogorarazi du Mujikak, eta horretan Korrikak “paper garrantzitsua” betetzen duela, euskararen alde egiten den ekitaldirik garrantzitsuenetakoa delako. Hori horrela izateko, udalek duten garrantzia azpimarratu du Mujikak: “Euskal Herriko udal gehienek Korrikari babesa ematen diote, babesa eta laguntza: Euskal Herriko udal gehienek kilometroak erosten dituzte, azpiegitura eskaintzen digute, Korrika Kulturala egiten laguntzen digute… Korrika heltzen denean ere, azpiegitura, udaltzainak eta Korrika aurrera ateratzeko beharrezkoa den guztia ipintzen dute”. Hori guztia kontuan hartuta, Udalbideri eskerrak eman dizkio AEKren eta Korrikaren izenean Mujikak, baita aurreko Korriketan eta oraingoan emandako atxikimenduagatik.


Esker oneko hitzak are gehiago izan dira, “benetan ezinbesteko laguntza ematen diguzuelako. Gurean sarritan esaten dugu gaur egungo Korrika dena ez litzatekeela den bezalakoa izango guztion artean elkarlanean ibiliko ez bagina. Eta ahaleginean bat eginda helduko da azkenean euskara maitatuz, euskara ikasiz eta euskaraz arituz euskalakariz beteriko Euskal Herri euskalduna”.

Udalbideko ordezkari Maria Eugenia Arrizabalagak ere elkarlanerako asmoa nabarmendu du. Arrizabalagaren hitzetan, “gaur sinatutako hitzarmen honen bidez 3.000 euroko laguntza eskainiko diogu Korrikari. Dirua, noski, garrantzitsua da, eta horrelako ekimen batean ezinbestekoa. Baina hortik harago badago benetako lankidetzarako asmoa, Korrikak eta Udalbiltzak partekatzen duten helburuetan elkarrekin jarduteko asmoa”. Udalbideren helburuen artean Korrikarekin erabat bat datozenak badira, “alde batetik, ezarri dizkiguten muga politikoak gainditzen dituen ekimena delako, Euskal Herria bere lurraldetasunaren osotasunean irudikatzen duen ekimen bat delako, eta hori gure asmo nagusietako bat delako”. Horrez gain, herritarren garrantzia nabarmendu du Arrizabalagak: “Mugez harago, ezarritako muga administratibo eta politikoetatik urrunduz, pertsonak dira garrantzitsuak herri batean, Euskal Herrian ere, noski. Eta Korrikaren bitartez irudikatzen da Euskal Herri osoko herritarren arteko harremana. Korrika denok elkarrekin partekatzen dugun nortasun berezi horren erakusle ere badela esango nuke”. Ildo horretan, hizkuntza berak bi erakundeen xede nagusietan duten lekua berretsi du Arrizabalagak. “Gure funtsezko asmo eta helburuetako bat geurea, berezkoa den euskara indartzea, sustatzea, laguntzea eta kaleratzea da, eta hori ere Korrikaren helburuekin bat dator. Hori horrela izanda, Korrikaren 17. ekitaldi honetan ere gure laguntza eskaintzen diogu”. Mujikaren hasierako hitzak berretsiz, Korrika arrakastatsua izan dadin udalen parte hartzea oinarrizkoa dela gogorarazi du Arrizabalagak, “gainera, udalak direlako herritarrengandik hurren dauden erakundeak”.

Hitzarmena sinatu aitzin, Mertxe Mujikak berriro ere eskerrak eman dizkio Udalbiltza-Udalbideri AEK eta Korrikaren izenean, eta Maria Egenia Arrizabalagak zorte ona opatu dio Korrika 17ri.


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu
UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©