Diaspora - 2009/04/25
Argazkia 1 / 1
UDALBILTZA®/UDALBIDE-ko ordezkaritza, Apirilaren 22tik maiatzaren 9ra Argentina eta Montevideon egonen da, Euskal Diaspora indartzeko xedearekin. Pamiela argitaletxea eta EABAko kideekin batera, Ramuntxo Camblong eta Bixente Arozena Zuzendaritza Batzordeko udal ordezkariak egonen dira.
Udalbide eta Udalbiltzaren bisita joan den asteazkenean hasi zen, euskal erakunde nazional horretako Zuzendaritza Batzordeko kide Bixente Arozena Buenos Airesera heldu zelarik, FEVAko agintariak anfitrioi. Bidaiaren helburua, Argentina eta Uruguaiko euskal etxe eta komunitateekin kontaktatzea, eta besteak beste Udalbidek lagundu duen Xamar-en 'Vascos' liburuaren gaztelaniazko aurkezpenetan parte hartzea, Buenos Airesko Liburu Azokan hasteko, eta Rio de la Platako herrialdeetako hainbat euskal etxeetan ondoren. Udalbideko bigarren kidea, Ramuntxo Camblong lapurtarra, igandean heldu da seguruenik, azkeneko egunotan osasun oztopo bat gainditu ostean. Maiatzaren 9ra arte Buenos Aires eta Montevideon eta beste hamaika herri argentinarretan barrena ibiliko dira Arozena eta Camblong.
Ramuntxo Camblong-ek eta Bixente Arozenak osatzen dute maiatzaren 9ra arte Uruguay eta Argentina bisitatuko dituen Udalbide/Udalbiltzaren ordezkaritza. Arozena, Nafarroako Arantzako hautetsia, iragan asteazkenean heldu zen Buenos Airesera, FEVA anfitrioi. Camblong-ek, aldiz, hondarreko egunetan bihotzean ondoeza sentiturik, medikuaren onespena hartu du hegazkinez bidaiatzeko eta seguruenik datorren igandean iritsiko da hiriburu argentinarrera, EuskalKultura.com-ek jakin ahal izan duenez. Datozen egunetan, Montevideo (Uruguai) eta Argentinako hainbat euskal etxe bisitatzearekin batera, Xamar-en 'Vascos' liburuaren aurkezpenetan hartu dute parte, Udalbide Elkarlan Elkartea titulu horren gazteleratze eta plazaratzean lagundu duen erakundea izan denez.
Bidaiaren karietarat, Euskal Herriko zazpi probintzietan presentzia daukan elkarte honek, euskal etxeekin eta Diasporako elkarte eta euskaldunekin dauzkan harremanetan urrats berriak emateko borondatea azaldu du, lan amankomuna erraztuko duen zubiak eraikitzen segituz, hori baita, izan ere, "Hego Konoko bi herrialdeotan laguntzen ari garen proiektuen testuingurua".
Hego Ameriketan egongo diren bi aste pasatxoetako egun guztiak beterik dauzkate jadanik bi ordezkariek. Programa trinkoa osatu diete eta euskal etxe eta euskal komunitateetako errealitatea aurrez-aurre eta barrutik ikusteaz gain, Xamar-en 'Vascos' liburua besapean datoz bi hautetsiak, zabalkundea eman nahiean, ados baitaude 'Vascos' euskal etxe guztietako liburutegietako apaletan eta euskal kultura tradizionalaz jakin nahi duen edonorenean egon beharreko liburua dela diotenekin.
Hona, Udalbidek eta FEVAk gure argitalpen honi emanik, ordezkaritzak datozen bi asteetan izango duen egitaraua, gaurko egunean eguneratuta:
-ostirala, apirilak 24: Ruper Ordorika kantuz B. Airesko Liburu Azokan
-larunbata, apirilak 25: Xamarren hitzaldia Euskaltzaleak-en
-igandea, 26: ekitaldiak Buenos Airesko Liburu Azokan
-astelehena-asteartea, 27-28: Montevideon, Gernika Parkeko edertze eta egokitze lanen inaugurazioa. 1918an landatutako Gernikako Arbolaren kimuak daude bertan. Udalbide laguntzaile izan da proiektu honetan, Euskal Erria Euskal Etxearekin bat. Hitzaldiak eta aurkezpenak Montevideoko euskal etxeetan
-asteazkena-osteguna, 29-30: Bahian Blancan, hitzaldia, kontaktuak eta 'Vascos' liburuaren aurkezpena Union Vasca Euskal Etxean
-ostirala, maiatzak 1: agian bisita Tres Arroyosera, EEra eta Istilart faktoriara
-larunbata, maiatzak 2: Rosarion, hitzaldia eta aurkezpena Zazpirak Bat-en
-igandea, maiatzak 3: San Nicolas, hitzaldia eta aurkezpena EEan
-astelehena, maiatzak 4: Arrecifesen, hitzaldia eta aurkezpena
-asteartea, maiatzak 5: Buenos Airesen, ekitaldia Laurak Bat-en
-asteazkena, maiatzak 6: Jose C. Paz, ekitaldia eta alkatearekin
-osteguna, maiatzak 7: La Plata, ekitaldia eta alkatearekin
-ostirala, maiatzak 8: Mar del Plata, hitzaldia eta ekitaldiak
-larunbata, maiatzak 9: Chascomus, hitzaldia eta ekitaldiak
Udalbide/Udalbiltzatik adierazi dute euskal ordezkaritzak FEVAko lehendakari Felipe Eiheragibel eta lehendakari ohi Mariluz Artetxe izangon dituela lagun bidaia osoan, Argentinari dagokionez, eta Euskal Erria Euskal Etxeko lehendakari Agurtzane Aguado Uruguain.
* Ikusi, egunez-eguneko agenda www.udalbide.net web orriko agendan.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 |