2012/05/24


www.udalbiltza.eu

Noiztik. Noiz arte.
  • Inprimatu
  • Gomendatu
  • Testuaren tamaina txikia
  • Testuaren tamaina normala
  • Testuaren tamaina handia

UdalbiltzaŽk Hendaian Aberri Eguna ospatzen du Euskaltzaleen Biltzarraren omenaldiz

Udalbiltza - 2003/04/12

EUSKAL HIRITARREN IRITZIA ETA BORONDATEA, GURE JOKABIDEAREN ARDATZ.

Hendaiako gaur egungo Udaletxearen ondoan eta herri honetako Udaletxe izan zen eraikinaren horma batetan Euskaltzaleen Biltzarraren sorrera gogoratzen duen plaka-oroimen bat aurkitzen da. Hantxe, UDALBILTZAŽk elkarte hau osatu zuten pertsona eta euskaltzale guztiak gogoratu eta goraipatuko ditu. 1901. urtean sortu zen eta elkartearen buru bezala Adema kanonigoa izendatu zuten (Zaldubi ez izenez ezaguna zen eta abesti anitz konposatu zituen, Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun kantu famatua tartean dagoelarik). Lehendakariordeak Arturo Kanpion eta Sabino Arana Goiri izan ziren. Parte hartu zuten beste kultura-gizon eta euskaltzale R. M. Azkue, Guerra, Broussain, Guilbeau eta Arbelbide izan ziren.

Euskaltzaleen Biltzarraren helburu nagusia gure hizkuntzaren inguruan hausnarketa linguistiko bat egitea zen, bere etorkizuna bermatzeko. Baina interes gehien duena zera da: hizkuntza eta kultura soilean mugaturik egon bazen ere, Euskal Herriaren lurraldetasunari dagokionez, zinez aitzindari bat izan zela Euskatlzaleen Biltzarra, Ipar eta Hegoko lurraldeetako euskaldunak bildu baitzituen lehen aldikoz eta elkar lanean jarri. Bere zentzuan, UDALBILTZAk herri eta naziogintza arloan egin nahi duen gauza berbera, Euskadiko hiritar, udal hautetsi eta Udalerri guztien arteko lokarriak finkatuz. Beste era batera esanda: Euskal Herriaren lurraldetasunaren lekuko.

Aberri Eguna jai-giro batetan ospatu nahi dugu, era aske eta demokratiko batetan herri bat osatzen dugula azpimarratuz. Baina, noski, UDALBILTZAŽk gaur egun bizi dugun egoera politikoari buruz bere hausnarketa plazaratuko du. Eta egoera kezkagarria da, zalantzarik gabe. Baina, aldi berean, ez diogu itxaropen ezari lekua utziko.

Hegoaldean udal hauteskunde batzuen atarian gaudenean, Euskal Herriko esparru politikoan aurkitzen diren muturrak gogor ekiten ari dira gure elkarbizitza bihurritu nahian. Eta elkar-laguntzen, gainera. Estrategi eta helburu berberarekin: Euskal Herria eta euskal gizartea `hankaz gora´ jarri bakoitzak hartzen dituzten neurriek edo burutzen dituzten ekimenek justifikatzeko. Amaitu nahi ez duten dinamika bat elikatzen ari dira. Batzuek, ehunka pertsonen askatasuna eta bizitza injustuki murriztu eta mehatxatuz pentsatzen duten era, edota dituzten ikusmoldeak, beraienarekin bat ez datorrelako. Eta besteek, ideiak eta beste erako eskubide politikoak debekatuz, euskal preso eta beraien senitartekoen egoera gogortuz eta euskara edota Euskal Herria duten ikuspegi proiektuen kontra arituz.

Eta dinamika horiri guk ematen diogun erantzuna garbia da: ezetz borobila. Gure ustetan, dinamika maltzurra delako, bakea eta normalizazio politikoa ekarriko ez digulako eta, ziur gaude, euskal hiritar zabal eta nagusi batek onartzen ez duelako. Bi muturrek daramaten dinamika hori –bakoitzak bere zilegitasun eta tresnekin- `despotismo politikoa´, `egoismo´ politikoa eta euskal hiritarren mesprezua gauzatzen du. Euskal Herria bezalako herri aurrerakoi, moderno, europar eta XXI. mendean kokatuta dagoen batek, errezeta ez du onartzen, ezinbestekoa denez.

Dinamika horren aurrean, UDALBILTZAŽk, betidanik egin duen bezala bere sorrerako printzipioei leialki eutsiz, bi oinarrizko printzipio jartzen ditu mahi gainean: lehena, pertsona guztien giza-eskubide oro irmoki errespetatu eta defentsa aktiboa egin behar dela, eta bigarren, euskal hiritarrek askatasunean duten borondatea errespetatu egin behar dela demokrazian sinesten bada.

Hau dena lortzeko, ze tresna erabili? Distentsioa, elkarrizketa, akordioa eta, ezinbestekoa den bezala, euskal hiritarrek era aske eta demokratiko baten bidez adierazten duten borondatea denon jokabidearen ardatz nagusi izatea.





Euskal Herria, 2003ko apirilaren 12an


Edukiak partekatu: envia un correo delicious facebook google friendfeed linkedin twitter identi.ca bitacoras meneame aupatu zabaldu
UDALBIDE - UDALBILTZA ®
Kale Berria 26-28. 1. esk - 31001 Iruña - Nafarroa   T.+34948203685 | F.+34948227891
         info@udalbide.net   udalbiltza@udalbiltza.eu
udalbide.net©  udalbiltza.eu©