Hezkuntza / Nafarroa - 2003/10/17
EUSKALDUN ETA EUSKALTZALE GUZTIEI IRUNBERRIKO NAFARROA OINEZ´03an AKTIBOKI PARTE HARTZEKO DEI EGITEN DU.
UDALBILTZAk Nafarroako ikastolek urtero ospatzen duten jaia sostengatuz gain, dei egiten die euskal hiritar guztiei urriak 19, Irunberrin ospatuko den NAFARROA OINEZ 2003. edizioan parte har dezaten: aktiboki, elkartasunez, positiboki eta jai-giroan, euskararekiko beraien konpromisoa berretsiz eta sendotuz. Hori baita euskarak bizi duen egoeraren aurrean eman dezakegun erantzunik zuzenena: euskararen alde apustua egin, gure hizkuntza babestu eta gure bizitzaren arlo guztietan erabili.
Euskara milaka urtetan zehar guregana belaunaldiz belaunaldi iritsi den ondarea dugu, Euskal Herriko eta Europako hiritar denen kultur ondare berezia. Hizkuntza guztiak dira aniztasunaren adierazle. Gizarte eragileei, erakundeei, Nafarroako Gobernuari bereziki , eta alderdi politiko guztiei eskatzen diegu euskal hiritarrek euskara ezagutu eta erabiltzeko dugun eskubidea babestea eta horretarako beharrezkoak diren neurri eraginkorrak hartzea; euskararen normalizazioa lortzeko bidean benetako urratsak ematea, bere irakaskuntza bermatu eta bere erabilpena sustatzea. Euskara denona da eta denok lagundu, bultzatu eta garatzeko ardura dugu.
Baita, Erakundeak Arangoiti Irunberriko Ikastolari 180.300 euroko laguntza eskaini diola gogoratu nahi du eta datorren igandean Erakundearen Zuzendaritza Batzordeko José Luis Etxegarai eta Jose Mª Agirre kideak bertan egonen dira gure hizkuntzarekiko Euskal Herriko udal elkartasunaren lekukoak izanez.
Iruñean, 2003ko urriaren 17an.
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | 31 |