Udalbiltza - 2011/11/29
Argazkia 1 / 1
Iparraldeko LEMA aldizkariak (2011, azaroa), Mª Eugenia Arrizabalaga, Udalbiltza-Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko Lehendakariari elkarrizketa.
Udalbiltza sortu genuenetik orain hamaika urte, etengabe jardun dugu gure Herria bere osotasunean garatzeko asmoz lan eta lan. Urte guztiotan, Euskal Herriko hainbat eta hainbat uval bidelagun, eta haiek bideratutako baliabideak ezinbesteko tresna izanik, gure herriko lurralde guztietako ehun elkarte eta eragile baino gehiagoren asmoak gauzatzen lagundu dugu, horretarako Udalbide tresna modura erabiliz.
Jomuga argia izan dugu beti: euskal izaera eta izatea, gure nazioaren lurraldetasuna eta nazio horren etorkizunak beharrezko duen herritarren atxikimendua sendotzea. Asmo horrekin, gure jardueran euskal nortasunaren ikur funtsezkoena dugun euskarak izan du lehentasuna, kultur, kirol edo lan arloko beste eximen asko ahaztu gabe.
Azken 30 urte hauetan, oro har, gauzak asko aldatu dira euskalgintzan, baina Iparraldeko abertzale eta euskaltzaleok ondo baino hobeto dakizuenez, lurralde ezberdinen egoera politiko eta administratiboak izugarri baldintzatu du batzuen eta besteen bilakaera. Horregatik, 2.000 urtea ezkero Udalbideren bitartez Udalbiltzak bideratu dituen 7.000.000 euroen erdiak Nafarroa izan du xede eta heren batek, Iparraldea. Gainontzekoa Euskal Herria bere osoan aintzat hartzen duten asmoetara bideratu da.
Beraz, orain artean 2 miloi eta 500.000 euro – zenbaki borobiletan – helarazi ditugu Iparraldeko hainbat elkarte, talde, ikastetxe, komunikabide edo eragileren jarduerarako. Dirutza horretatik euskarak izan du lehentasuna, hizkuntza baitugu ororen gainetik, “herri” eta “bat” egiten gaituena. Beraz, Iparraldean euskal hezkuntza garatzeko duzuen asmoari gure laguntza eskaintzen diogu, Seaska izanik lankidetza horretan ezinbesteko lagun. Euskarari arnasa emateko behar-beharrezko diren komunikabideei ere lagundu izan diegu, gainditu behar izaten dituzten oztopoak arintzeko asmoz; baita, Ipar Euskal Herrian lanean diharduten hainbat elkarte eta talderi ere dirulaguntza eman diegu, gure ahalmenen neurrian, eta, noski, mugarik gabeko elkartasuna eskainiz. Udalbiltza-Udalbideren laguntza jaso izan duten elkarteak asko dira. Hala ere, nola ez aitortu, ez gara guztietara iristen, asmo eta ekimenak dauzkagun baliabideak baino ugariago dira eta, zorionez.
Seaskarako Miloi bat euro paseak
Denak aipatzea luzea bada ere Udalbiltza-Udalbidek Iparraldera bideratu dituen laguntza nagusienen artean, Seaska Ikastolen Elkarteak urte hauetan garatu dituen hainbat ekimenetarako 1.060.000 euro bideratu ditugula aipatu dezakegu, ikastola berrien egiteko edo lehendik lanean ari diren beste batzuen egokitzea laguntzeko. Herri Urrats, ikastolen festarekin urtero bat egiten dugu atseginez, nola ez! Bidenabar, euskararen alde egunero ahalegintzen zareten guraso guztiei gure aitorpena eta esker ona luzatzeko aukera hau ez dugu galdu nahi.
Euskarazko komunikabideetarako 156.000 euro
Bestalde, Udalbiltza-Udalbidek arreta berezia eskaini izan die Iparraldeko Euskal Irratiei, hala nola Antxeta Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegi Irratiari, batez ere arazo larriak Portu zaizkien unetan. Hizkuntza hedatzeko ikasi egin behar da, baina jakitea ez da nahikoa, hizkuntzak erabilera behar du, hedapena eta entzute ona behar ditu. Eta horretarako euskaraz diharduten euskal komunikabideak nahitaezkoak ditugu. Horrela, Euskal Irratiei eskaini ahal izan diegun laguntza 156.000 eurokoa izan da.
Laborantza Ganberarako 225.000 euro
Ez nuke nahi, bestalde eta azkenik, aipurik gabe utzi Iparraldeko baserritarren artean sortutako erakundearekin, Laborantza Ganbararekin izandako lankidetza, 2005etik hona, Ainhize- Monjolosen aurkeztu zenetik. 225.000 euroko laguntza izan da egitasmorako bideratu ahal izan duguna.
Elkartasuna eta laguntasuna ez dira diputan neurtzen, hala da; eta diruak beti du eskaintzen duenaren borondateak baino neurri motzagoa, eta Udalbiltza- Udalbideren zuzendaritza-batzordea osatzen dugunok publikoki eskertu nahi diegu bihotzez beren ekarpena gure bitartez lan eskerga honetara bideratu duten hainbat udal eta erakunde abertzaleri. Sinetsita gaude guztion artean egia bihurtzen ari garela euskal esaerak dioena: ezina, ekinez egina.
Udalbiltza sortu genuenean, erakunde honetan ginen indar abertzale guztiak. Berehala, ordea, zorigaiztoko indarkeriaren ondorioz banaketa gertatu zen; eta horren ondorioz, urteetan Eusko Alberdi Jeltzaleko-PNBko kideek soilik osatu dugu Zuzendaritza Batzordea. Oztopoak oztopo, etsi gabe eutsi diogu herrigintzari eta aurrera egin dugu Euskal Herria eraikitzeko ekinean, Iparraldea eta gure herrikide zaretenok kontuan hartuz.
Orain, zorionez garaiak aldatzen ari dira eta guk beti defendatu dugun bide politiko eta demokratikoen aldeko dira gaur egun besteak ere. Euskal Nazioaren zimenduek etengabeko ahalegin gartsu, bakezale, zuzen eta demokratikoa behar dute, guztion Etxea sendo eraikitzeko. Denon ekinez eta ilusioz beterikoa. Aurrerantzean ere, gure onena emango dugu eginahal honetan. Eta ahalegin horretan, bidelagun nahi zaitugu.
Mª Eugenia Arrizabalaga Olaizola
Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordearen izenean.
http://www.udalbide.net/web/files/images/banners/lema161.pdf
| AS | AS | AS | OS | OS | LA | IG |
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 |